Herritarrenganako informazioa eta gardentasuna indartzeko helburuarekin, Añarbeko Urak-ek aplikazio mugikor berri bat jarri du martxan, presaren egoerari eta bertan egiten diren maniobrei buruzko informazioa denbora errealean eskaintzen duena.
“Añarbe info” aplikazioak presaren betetze-mailari, erregistratutako prezipitazioei eta urtegiko sarrera- eta irteera-emariei buruzko datu eguneratuak ematen ditu. Gainera, Añarbe eta Urumea ibaien egoerari buruzko informazio espezifikoa ematen du, bi ibilguen bilakaera modu arin eta irisgarrian ezagutzeko aukera emanez eta kolore-sistema baten bidez (berdea, horia, laranja eta gorria) zein atalasetan dauden adieraziz.
Herritarrek hamar minuturo kontsultatu ahal izango dituzte azken hiru egunetan erregistratutako datuak, bai formatu grafikoan, bai tauletan. Era berean, presan instalatutako kameren irudiak zuzenean ikusteko aukera emango du aplikazioak.
Tresnak atal espezifiko bat ere badu, non presaren egoerari eta maniobrei buruzko informazio parte guztiak argitaratuko diren. Gogoratu behar da Añarbek informazio-parte bat emateko konpromisoari eusten diola, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak prezipitazio iraunkorrengatik (maila hori, laranja edo gorrikoak) abisu bat aktibatzen duen unetik, baita beste edozein inguruabar garrantzitsuren aurrean ere.
Bere funtzionalitate nagusien artean, aplikazioak aukera emango die erabiltzaileei beren gailu mugikorretan jakinarazpen zuzenak jasotzeko jarduketa interesgarriei buruz, hala nola urtegiaren hustuketen hasierari eta amaitzeari buruz, informazio parteak argitaratzeari buruz eta presaren kudeaketarekin lotutako beste abisu batzuei buruz.
Gainera, aplikazioak dibulgazio atal bat du, presaren funtzionamenduari eta uraren kudeaketan duen garrantziari buruzko azalpen edukiekin. Bisitak eskatzeko inprimakira sartzeko esteka bat ere badu.
Aplikazioa eskuragarri dago jada aplikazio mugikorren denda nagusietan, doan deskargatzeko, bai Android gailuetarako, bai iOS gailuetarako.
Ekimen hau Añarbeko Urak-ek gardentasunarekin, prebentzioarekin eta herritarrentzako informazio baliagarriaren hedapenarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da, funtsezko datuak berehala eskuratzea erraztuz eta Gipuzkoako biztanleriaren ia erdiarentzat funtsezko azpiegitura bat hobeto ezagutzen lagunduz.






