Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Urte hidrologikoa 1988-1990eko lehorteaz geroztik izandako prezipitazio kopururik txikienarekin amaitu da

Urte hidrologikoa 1988-1990eko lehorteaz geroztik izandako prezipitazio kopururik txikienarekin amaitu da

Urtegia mailarik baxuenean dago 20 urtean, baina oraindik ere aurrealertatik urrun.

Irailaren 30ean amaitu da urte hidrologikoa, 1988ko urria eta 1990eko martxoa bitartean Euskadi astindu zuen lehortetik izandako prezipitazio erregistrorik txikienarekin. Azken hamabi hilabeteetan 1.635 l/m² bildu dira Añarbeko presan, hau da, % 21eko defizita ohiko batez besteko prezipitazioarekiko (2.065 l/m²). Euri eskasia bereziki areagotu da joan den apiriletik: azken seihilekoan ohi baino % 40 prezipitazio gutxiago erregistratu da aldi honetan.

Beraz, hirugarren urte hidrologiko lehorrena da, 1971n Añarbeko presan datuak erregistratzen hasi zirenetik. 1988-89 eta 1989-90 urteak seriearen lehen bi postuetan daude, 1.113 eta 1.423 l/m²-rekin, hurrenez hurren. Garai hartako lehorte luzearen ondorioz, ur-hornidura eten egin behar izan zen, gaueko hamabietatik goizeko seiak arte, 1989ko abenduaren 21etik 1990eko maiatzaren 1era arte.

Amaitu berri den irailean izan da prezipitazio-defizit handiena, ohi baino % 77 euri gutxiago egin baitu, eta uztailean, % 58 gutxiago. Oro har, urte hidrologikoko hamabi hilabeteetatik hamarrek batez bestekoa baino prezipitazio txikiagoak izan dituzte. Otsaila eta martxoa bakarrik izan ziren ohiko balioen gainetik.

Urtea Hilabetea          Aurten       Batez beste   Aldea   

 2025    

Urria 90 175 - 49 %
Azaroa 254 258 - 2 %
Abendua 124 201 - 38 %

 2026       

Urtarrila 221 225 - 2 %
Otsaila 254 183 + 39 %
Martxoa 191 184 + 4 %
Apirila 106 187 - 43 %
Maiatza 144 173 - 17 %
Ekaina 75 116 - 35 %
Uztaila 46 110 - 58 %
Abuztua 101 126 - 20 %
Iraila              29 127 - 77 %
GUZTIRA 1.635 2.065  -21 %

Prezipitazio eskasiari udako hilabeteetan izandako bero handia gehitu behar zaio. Euskalmeten datuen arabera, 1991-2020 aldiko batez bestekoarekin alderatuta, anomalia termikoa 3,7 ° C-ra iritsi zen ekainean, 3,6 ° C-ra uztailean eta 2,4 ° C-ra abuztuan. Gainera, ekainaren 21etik 27ra bitartean, ekainean erregistratutako muturreko berorik luzeena gertatu zen, eta urteko edozein garaitarako bigarren berorik handiena. Tenperatura altuek ere eragina izan zuten uraren eskarian, % 4,1 igo baitzen udako hilabeteetan, eta % 13rainoko igoera puntualak izan ziren muturreko beroaren gertakari horretan.

Horren guztiaren ondorioz, urtegia azken 20 urteetako mailarik baxuenean dago gaur egun, baina Lehorte Planean ezarritako alerta aurreko atalasetik urrun dago oraindik. Zehazki, egungo betetze ehunekoa % 57,5 da, eta urrian murrizketak aplikatu ahal izateko lehen agertokia, berriz, % 26,4.

Nolanahi ere, ur-hornidura bermatuta dago datozen hilabeteetarako, eta espero da prezipitazioen erregimena normalizatzea eta Añarbeko arroaren ezaugarri izan ohi diren euri ugariak itzultzea, Penintsula osoan urteko batez besteko prezipitazio handiena duen eremuetako bat baita.

Top