Digurbe-Donostialdeko Uraren Zikloaren digitalizazioa proiektua Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak uraren zikloa digitalizatzeko Europako funtsetatik 5,03 milioi euroko dirulaguntza jasotzeko hautatuetako bat izan da. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 8,98 milioi eurokoa izango da; hau da, dirulaguntza jarduketen zenbateko osoaren %56 izango da.
Añarbe buru duen proiektua Europak finantzatuko duen 30 finalistetako bat izan da. Guztira, estatu osoko 158 proiektuk hartu dute parte 200 milioi euroko finantzaketa-lerroa zuen deialdian.
Proiektuan, guztira, 52 jarduera sartzen dira (bai Añarbeko eskumeneko lehen mailako sareetan, bai Udalaren bigarren mailako sareetan), uraren ziklo osoa hartzen dutenak: edateko uraren bilketa, tratamendua, biltegiratzea eta banaketa; hondakin-uren saneamendua eta arazketa, eta, azkenik, ingurune naturalera itzultzea.
Jarduketek hornitutako uraren ezagutza hobetuko dute emariak, presioak eta beste aldagai fisiko batzuk etengabe monitorizatuz, bai eta kalitate neurriak ere, bai izaera fisikokimikokoak bai mikrobiologikokoak. Energia-kontsumoa optimizatzera eta zibersegurtasuna hobetzera bideratutako proiektuak ere gauzatuko dira. Eraldaketa digitalaren prozesua teknologia berritzaileetan oinarrituko da, hala nola biki digitalen erabilera, adimen artifizialeko tekniken aplikazioa, Big Data, gauzen Internet, etab.
Añarbeko Uren presidenteak, Martin Ibabek, “mankomunitatearen eta bere udalerrien proiektu bateratuari emandako aitormena" nabarmendu du, " udal eta hiri-aglomerazio askoz handiagoekin lehiatzen baitzen”. Era berean, nabarmendu duenez, “aukera bikaina da uraren ziklo integralaren kudeaketa adimentsuagoa lortzeko. Digitalizazioari esker, denbora errealean informazio gehiago izango dugu ur-bilketei, uraren erabilerei, hondakin-uren isurketei eta prezipitazio-egoeretan sistemak kudeatzeari buruz”.