Añarbeko Uren Mankomunitateak onetsi du, gaur goizean, 2021eko Aurrekontua, 8,9 milioi euroko inbertsio-plana jasotzen duena; edateko uraren hornidura eta hondakin-uren saneamendu- eta arazketa-sistema bermatzeko jarduketa ezberdinekin.
Saneamenduko azpiegiturak izango dira, berriro ere, hurrengo ekitaldiko protagonista nagusiak, zeren inbertsioaren hiru laurden (6,32 milioi) hondakin-urak jaso eta arazteko proiektuetara bideratuko baitira; hornidurako proiektuentzat, berriz, 2,36 milioi euro bideratuko dira. Gainontzeko inbertsioak laborategirako ekipoak erosteko izango dira, hala nola segurtasun-sistemak eta kudeaketako software sistemak ezartzeko (0,22 milioi).
Saneamenduko eta arazketako jarduketei dagokionez, Papresa paper-fabrikaren lurreko hustubidea eraikitzeko lanak gauzatuko dira , 1,5 milioi euroko zenbatekoarekin. Eroanbide horri esker, Errenterian kokaturik dagoen fabrikako hondakin-urak jaso, garraiatu eta itsasora isurtzen dituen gailua birmoldatu egingo da, fabrikan bertan arazketa biologiko bat eraikiko delarik.
Aldi berean, Herrerako hondakin-uren ponpatze-estazioa eta San Pedroko tunelak konektatzen dituen saneamenduko eroanbide bikoitza birgaitzeko obrak amaituko dira. Lan horiek zanga gabeko teknologiaren bidez egingo dira, ia-ia ez dira ikusiko eta eragin gutxikoak izango dira. Aurrekontua 1,12 milioi eurokoa da.
Finantzatuko dira baita ere, Donostiako Martutene auzoko saneamendu-sarea zabaldu eta hobetzeko obrak (424.000 €), Urumea ibaia bideratzeko Uraren Euskal Agentzia egiten ari den obren ondorioz. Azkenik, 1,47 milioi euro bideratuko dira saneamenduko eta arazketako azpiegiturak hobetu eta modernizatzeko inbertsioetara: ponpa berriak, koadro elektrikoak, etab.
Usurbilgo Aginagako saneamendu-obretarako partida bat ere bideratu da; lanen hasiera Uraren Euskal Agentziaren aurrekontu-erabilgarritasunaren araberakoa izango da, eta hark kofinantzatuko ditu obrak, 2019an bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera.
Hornidurako obrei dagokionez, Urnietako hiri-sektoreak Añarbe sistemako ur-horniduran sartzeko obrak nabarmentzen dira (990.404 €); horri esker, urnietar ia guztiek Añarbe sistemako edateko ura jasoko dute, denek ezaugarri berdina duen ura, eta ez, orain bezala, bizi diren lekuaren arabera uraren kalitatea ezberdina dela.
Azkenik, jarraituko dute azpiegitura hidraulikoak berritzeko jarduketak: Petritegiko edateko uraren tratamendu estazioan, hornidura-sareetan eta Añarbeko presan.