Añarbeko Urak enpresak, datozen asteetan, barrutik 0,9 metroko diametroa duen saneamendu-eroanbide bikoitza birgaitzeko lanen lehen fasea gauzatuko du Pasaian, Herrerako HUPEren (Hondakin-uren ponpatze-estazioa) eta portuko arrantza-lonjaren eraikinera sartzeko kontrol-etxolaren artean, 1,47 milioi euroko balioagatik.
Hoditeria bikoitza Herrera HUPE – Murguita kala libratze-sistemaren parte da. Hoditeria hori 1996. urtean eraiki zuten, prezipitazio handiko egoeratan, saneamendu-sareak bildu ezin duen ura itsasora —eta ez Pasaiako badiara— isurtzeko helburuarekin.
Azterketa zehatza egin ondoren, eroanbide bikoitzaren barrualdea birgaitzeko lanak (guztira 990 metro luze) bi fasetan banatzea erabaki dute: lehen fase honetan, egoera txarrenean dagoen 547 metro luze dituen tartea birgaituko dute. Bigarren fase batean 443 metro luzeko bigarren tartearen birgaitzea egingo dute.
Obra horiei esker, Donostiako ekialdeko guneei eta Oarsoaldeko lau udalerriei zerbitzua ematen dien azpiegitura garrantzitsu horren bizitza erabilgarria luzatu ahal izango da, ihesen edo matxuren ondorioz badian gerta daitezkeen isurketak ekidinez.
Zangarik gabeko teknologiari esker, ibilbide osoan indusketarik egin beharrik gabe egikaritu ahal izango da birgaitzea. Hospitalilloko aparkalekuaren inguruan eta lonjako sarreraren aldamenean hiru sarbide bertikal baino ez dira zabaldu beharko. Berrikuntza-lanak egiteko, bertan dagoen hodiaren barrutik, beira-zuntzez —binilester-erretxinaz bustita— sendotutako poliester-babesezko mahuka jarriko dute. Egitura horrek 6 bareko presio nominala jasaten du eta egiturazkoa da.
Mahuka ontzea, batez ere, ur beroa erabiliz egingo da. Hala, mahuka bertan dagoen hodira zehaztasun handiagoz egokitu ahalko da. Ontze-sistema horrek lan batzuk gaueko ordutegian egitea eskatzen du, tenperaturak eta eguzki-argiak hodian itsasten diren erretxinetan eragiten dutelako.
Mahuka sartzeko lanak egin aurretik, erregistroko putzuak handitu, egungo hodia presio handiko ura erabiliz garbitu eta gaur egun dauden barrualdeko junturak erretiratu behar dira. Aurrerago, telebista-zirkuitu itxiko kamera erabiliz, eroanbidea aztertu eta fresatuko dute, hodian dauden inkrustazioak edo irtenguneak ezabatzeko. Hala, eroanbidea behar bezala leunduko da, mahuka ipintzean arazorik ez edukitzeko.
Pasaiako badiako saneamendu-sistema
Herrerako HUPEak Oarsoaldeko lau udalerrietako (Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezo) eta Donostiaren ekialdeko auzoetako hondakin-urak biltzen ditu. Eguraldi lehorreko edo euri gutxiko edo neurritsuko garaietan, ur horiek guztiak, Herrerako hodi biltzailearen bitartez, Loiolako HUAra bideratzen dituzte bertan tratatzeko.
Hala ere, euri asko egiten duenean, saneamendu-sareak (kasu gehienetan unitarioa izaten jarraitzen du, hau da, hondakin- zein euri-urak biltzen ditu) ezin du emari osoa jaso, eta jaso ezin duen ur hori itsasora hustu behar da (solidoen erretentzioko oinarrizko tratamendua egin eta gero), Herrerako HUPEa eta San Pedroko urpeko isurbidea lotzen dituen ura ateratzeko eroanbide bikoitzaren bitartez. Bi eroanbide horiek ponpatze-estaziotik abiatzen dira eta Pasaiako badia inguratzen dute San Pedroko elizaren atzealdera iritsi arte. Puntu horretatik hasita, itsasora heltzen diren ondoz ondo ipinitako bi tuneletik doaz, isurbide horren bitartez.