Añarbeko Urak eta Cristina Enea Fundazioak gaur goizean lau bideoz osatutako bilduma bat aurkeztu dute. Bideo horien bidez, “Ur-kuxkuxeroak” izenburupean, uraren zikloko instalazio batzuk herritarrei hurbildu nahi zaizkie eta haiek zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatu.
Iraupen laburreko (bi eta lau minutu artean, gutxi gorabehera) piezetako protagonistak José Ramón Soroiz eta Joan Bailador aktore ezagunak izango dira eta osaba eta ilobaren papera antzeztuko dute; astero hainbat leku kuxkuxeatzeko txangoak egingo dituzte. Bideoak Añarbeko eta Cristina Enea Fundazioko sare sozialetan ikusi ahal izango dira.
Instalazio horiek uraren hiri zikloaren etapa desberdinetakoak dira. Horietako bi edateko ura hornitzeko zerbitzuari dagozkio (Petritegiko edateko ura tratatzeko estazioa, Astigarragan; eta Monseko edateko ura banatzeko biltegia, Donostian), eta beste biak hondakin-urak saneatu eta arazteko zerbitzuari (Ibaetako hondakin-urak ponpatzeko estazioa eta Monpaseko itsaspeko hustubidea, biak Donostian).
Horrela, herritarrek, irudi eta animazio grafikoen bidez, eguneroko bizitzarako oinarrizko lau azpiegitura horien funtzionamendua ezagutu ahal izango dute, hizkuntza hurbil eta erraz baten bidez. Gainera, Petritegiko edateko ura tratatzeko estazioa izan ezik (taldeka bisita daiteke eskaera Añarbeko web orriaren bidez eginez), beste hirurek sarbide mugatua dute segurtasun arrazoiengatik.
Añarbeko Uren lehendakariak, Martin Ibabek, adierazi duenez, “ura bezalako funtsezko zerbitzu baten garrantziaz sentsibilizatzea beharrezkoa eta ezinbestekoa da, eta are gehiago egungo klima-aldaketaren testuinguruan”. Era berean, Ibabek herritar guztiak animatu ditu “sare sozialetan bideoak partekatzera, ahalik eta bisualizazio gehien lor ditzaten eta, hartara, azpiegitura horien berri eman dezaten”.
Bestalde, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak, Jose Mª Hernándezek, adierazi duenez, "Añarbeko Urak eta Cristina Enea Fundazioak ingurumena zaintzeko egiten dituzten erakunde arteko lankidetzak oso garrantzitsuak dira”; izan ere, bataren ezagutza teknikoa eta bestearen sentsibilizatzeko metodologia berritzaileak batzen ditu.
Añarbeko Urak 2015etik Cristina Enea Fundazioaren kolaboratzaile iraunkorra da, eta elkarrekin hainbat jarduera garatzen dituzte ingurumen-sentsibilizaziorako (erakusketak, instalazioetara bisitak, dibulgazio-proiektuak, etab.) eta klima-aldaketaren aurkako borrokan uraren kudeaketa zabaltzeko.