Loiolako HUAko (Hondakin Uren Araztegia) arazketa-prozesuek energia elektriko ugari behar dute, eta urtean 15.000 MWh-ra iristen dira. Kontsumo hori 4.300 etxebizitzarena da, Loiolako Kuarteletan proiektatutako etxebizitzen bikoitza baino gehiago. Energia hori guztia ezinbestekoa da uraren tratamenduaren fase ezberdinetarako, Monpaseko itsaspeko isurbidearen bidez itsasora itzuli aurretik.
Araztegiaren tratamendu biologikoaren aireztapen-sistemak instalazio osoaren kontsumo elektrikoaren % 40 hartzen du. Hondakin-urak behar bezala tratatzeko airea ematen duten 8.000 difusoreetako mintzak ordezkatuz, prozesu horren energiaren % 25 aurreztuko da. Inbertsioa 116.657 eurokoa izan da, eta Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatzen dute, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bidez.
Tratamendu biologikoa prozesu bat da, non mikroorganismoek (batez ere bakterioek) ura kutsatzen duen materia organikoa deskonposatzen duten. Prozesu horri esker, materia organiko hori araztu egiten da ingurumenera itzuli aurretik. Airea injektatzea beharrezkoa da, bakterio horietako askok oxigenoa behar dutelako bizirik irauteko eta beren lana modu eraginkorrean egiteko.
Digurbe proiektua (Donostialdeko Uraren Zikloaren digitalizazioa)
Digurbe proiektuak -Añarbeko Urak eta mankomunitateko udalerriek batera aurkeztua- 5,03 milioi euroko dirulaguntza jasoko du Europako funtsetatik, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Uraren Hiri Zikloaren Digitalizaziorako PERTEren bidez. Proiektuak 52 jarduketa biltzen ditu, 8,98 milioi euroko aurrekontuarekin; hau da, dirulaguntza jarduketen zenbateko osoaren % 56ra iritsiko da..