Urte hidrologiko honetan (2020ko urritik 2021eko irailera) Añarben ohikoa baino % 10 euri gutxiago egin du. Hala eta guztiz ere, urtegiaren edukiera %74,3ean dago, data hauetan batez besteko maila baino puntu bat eta erdi beherago besterik ez (%75,8).
Urte hidrologikoak prezipitazioen aldakortasuna izan du ezaugarri, hilabete lehorrak eta euritsuak tartekatuz. Hala, urte hidrologikoaren lehen zatia (2020ko azken hiruhilekoarekin bat datorrena) ohikoa baino euritsuagoa izan zen, abenduko (373 l/m2) eta urriko (283 l/m2) prezipitazio ugariei esker azaroko (73 l/m2) euri urriak konpentsatu ziren.
Hala ere, 2021eko urtarriletik aurrera urte hidrologikoa prezipitazio gutxikoa izan da. Martxoaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean, ohiko prezipitazioen erdia baino gutxiago erregistratu zen eta, ondorioz, urtegiaren maila ohikoa dena baino 15 puntu beherago kokatu zen.
Ekaineko prezipitazioek eta Añarbek kudeatzen dituen bi zentral hidroelektrikoek turbinatutako emariaren murrizketek gutxitu dute, neurri handi batean, pilatutako uraren defizita, normaltzat jo daitekeen egungo egoerara iritsi arte.
Erregistro historikoari dagokionez, 1971tik (Añarbeko datuak biltzen diren lehen urtetik), euri gehien egin duen urteak 70eko hamarkadaren amaierakoak eta 80ko hamarkadaren hasierakoak dira; lehorrenak, berriz, 1988, 1989 eta 1990. urteak izan ziren.
Prezipitazioak Añarbeko presan (l/m2)
Urtea | Hilabetea | Aurten | Batez beste | Aldea |
2020 |
Urria | 283 | 176 | +61% |
Azaroa | 73 | 257 | -72% | |
Abendua | 373 | 192 | +94% | |
2021 |
Urtarrila | 220 | 227 | -3% |
Otsaila | 190 | 187 | +2% | |
Martxoa | 75 | 188 | -60% | |
Apirila | 56 | 191 | -71% | |
Maiatza | 116 | 173 | -33% | |
Ekaina | 183 | 112 | +63% | |
Uztaila | 104 | 113 | -8% | |
Abuztua | 45 | 126 | -64% | |
Iraila | 155 | 124 | +25% | |
GUZTIRA | 1.873 | 2.066 | -10% |