Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

2022ko aurrekontua 25,7 milioi eurokoa izango da

2022ko aurrekontua 25,7 milioi eurokoa izango da

9,4 milioi €-ko inbertsioak egingo dira saneamendu eta hornikuntza azpiegitura garrantzitsuak eraikitzeko

Inbertsio nagusiak ondorengoak izango dira: Aginagako saneamendua Usurbilen eta Anoetakoa Donostian eta Urnietan Añarberen hornidura sistema zabaltzea

Añarbeko Mankomunitateko Batzarrak, azken bileran, 2022ko Aurrekontua onartu du. Guztira  25,7 milioi eurokoa izango da, eta 9,4 milioi euroko inbertsio-plana jasotzen du, edateko uraren hornidura bermatzeko eta hondakin-uren saneamendu eta arazketa-sistema hobetzeko.

Saneamenduko azpiegiturak izango dira, berriro ere, hurrengo ekitaldiko protagonista nagusiak, zeren inbertsioaren % 61 (5,75 milioi) hondakin-urak jaso eta arazteko proiektuetara bideratuko baitira; hornidurako proiektuentzat, berriz, 3,35 milioi euro bideratuko dira. Gainerako inbertsioak laborategirako ekipoak erosteko erabiliko dira, baita segurtasun-sistemak eta kudeaketako software sistemak ezartzeko (0,3 milioi).

Saneamenduko eta arazketako jarduketei dagokionez, Usurbilgo Aginaga auzoko saneamendu lanak gauzatuko dira. Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan egingo dira, eta aurtengo azaroan hastea aurreikusten da. 2022an, Añarbek 900.000 euro ordainduko ditu jarduera horretarako eta inbertsio osoa 6,28 milioi eurokoa izango da 21 hilabeteetan. Lanen helburua da Oria ibaiaren behe-ibilguko hondakin-uren isuri guztiak ezabatzea.

Beste jarduera batzuetarako partida garrantzitsuak ere onartu dira, hala nola Donostiako Anoeta ibarbidearen saneamenduaren lehen faserako (300.000 €), Papresa paper-fabrikaren lurreko hustubidea eraikitzeko (1.000.000 €), Donostiako Kontxa inguruan saneamenduko hodia luzatzeko (233.000 €) edo Errenteria ibaiaren eskuinaldeko hiri-kolektorea berritzeko (600.000 €).

Hornidura-obrei dagokienez, Urnietako hiri-sektoreak Añarbe sistemako ur-horniduran sartzeko obrak nabarmentzen dira ((690.000 €). Horri esker, Urnietako ia herritar guztiek Añarbe sistematik datorren eta ezaugarri berak dituen ura edango dute eta bere kalitatea ez da aldatuko bizilekuaren arabera. Halaber, proiektu garrantzitsuak idazteko lizitazioa egitea aurreikusi da; hala nola, Beheko Kanala birgaitzeko alternatiben azterketa (100.000 €) edo Hernani udalerrirako ur-horniduraren sistema hobetzea (90.000 €).

Azkenik, Loiolako HUAn (hondakin uren araztegia), Petritegiko EUTEan (Edateko uraren tratamendu estazioa), Añarbeko urtegian eta hornikuntza eta saneamendu sareetan azpiegitura hidraulikoa berritzeko, hobetzeko eta modernizatzeko jarduketekin jarraituko da.

Top