Jaione Hervás Donostiako Udaleko zinegotzia Añarbeko Uren Mankomunitateko presidente izendatu dute, Jaime Domínguez-Macayaren ordez. Izendapena adostasunez eta aho batez onartu dute batzarreko kideek.
Presidente berria Mankomunitateko Batzarreko eta bere kudeaketa-sozietate publikoko (Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak, S.A.) Administrazio Kontseiluko kide da 2019ko irailaz geroztik, eta, hemendik aurrera, bi organoetako buru izango da.
Lehendakari berriak, Añarbeko Uren talde teknikoaren eskutik, erronka garrantzitsuak izango ditu datozen hilabeteetan; besteak beste, hornidura-azpiegituretan (Beheko Kanalaren alternatiba), saneamenduan (hondakin-urak biltzeko hainbat obra egiteko esparru-akordioa garatzea) eta arazketan (Loiolako araztegia etorkizunean handitzeko definizioa eta plangintza) inbertsio berriak gauzatzea.
Era berean, saneamendu eta arazketa sarearen kontrola eta kudeaketa hobetzen jarraituko du, gure ibai eta kostaldeetako ingurumen osasuna hobetzen jarraitzeko.