Maria Rosa Cobo andreak, Aguas de las Cuencas de España (ACUAES) estatuko sozietateko zuzendari nagusiak, eta Jaione Hervás andreak, Añarbeko Urak-eko presidenteak sinatu dute gaur goizean Petritegi EUTEn (Astigarraga) Beheko Kanalaren ur-eroanbide alternatiboa eraikitzeko lankidetza-hitzarmena. Jarduketa hori garrantzi handikoa da Mankomunitatearen hornidura-sistemak aspalditik duen kalteberatasuna ezabatzeko.
Ekitaldian parte hartu dute aldi berean: Hugo Morán, Ingurumeneko Estatuko idazkariak, Eneko Goia, Donostiako alkateak eta Denis Itxaso, Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkariak, eta aho batez nabarmendu dute zein garrantzitsua den Gipuzkoako biztanleen ia erdia edateko urez hornitzen duen oinarrizko zerbitzua bermatzea.
Jaione Hervás andreak eskerrak eman dizkie ACUAESeko zuzendari eta teknikariei euren laguntzagatik eta gogorarazi du: “Ministerio horrek Mankomunitatearekin historikoki izan duen lankidetza emankorra”. Azpimarratu du baita ere, “erakundeen artean egin den lan garrantzitsua proiektu hau errealitate bihurtzeko”, zeren finantzaketa bilatzeko prozesua benetan luzea eta neketsua izan baita.
Maria Rosa Cobok, berriz, sinadura-ekitaldi honen garrantzia azpimarratzen du: “luzaroan espero izan den hornidurako alternatiba errealitate bihurtzeko behar zen behin betiko bultzada baita”. Azpimarratu du baita ere “Añarbeko Urak-eko zuzendaritzaren ahalmena, José Ángel Ercilla buru delarik, ACUAESen kudeaketa-eredua ulertzeko eta denbora laburrean, denbora errekorrean esan daiteke, hitzarmenaren testuari buruzko akordioa lortzeko balio izan duena”. “Gaurtik aurrera, erronka zera da, Next Generation funtsak exijitzen dituen epeak betetzeko behar den arintasunez lan egitea, posible izango dena bi enpresetako teknikarien artean dagoen lankidetza ezin hobea ikusirik”.
Hitzarmena sinatzea da obren lizitazioa egiteko eman behar den azken pausoa. Lizitazioa aurten egingo da, eta obrak 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira eta 2026an amaitzea espero da. Inbertsioaren aurrekontua 36 milioi eurokoa da eta honela finantzatuko da: %80 Europar Batasuneko Next Generation funtsaren bidez, eta %20 Añarbeko Urak jarriko du. Hitzarmena sinatua izan zen ACUAESen Administrazio-Kontseiluaren aldetik 2022ko uztailaren 21ean eta Añarbeko Urak-en Administrazio-Kontseiluaren aldetik uztailaren 29an.
Jarduketa honen xedea da: Añarbeko Mankomunitatea osatzen duten hamar udalerrietako (318.000 biztanle) ur-hornidura sistema hobetzea, 1958. urtean zerbitzuan jarri zenetik etenaldirik gabe funtzionamenduan dagoen Beheko Kanalaren ordezko ur-eroanbide berri bat eraikiz.
Alternatiba honen helburua da ponpaketa estazio berri bat eraikitzea Urumea ibaian -dagoeneko erabiltzen ez den eta Lastaola izenarekin ezagutzen zen zentral hidroelektrikoaren kokapenean, Hernanin- eta Petritegiko EUTEraino iritsiko den eroanbide berri bat eraikitzea. Egungo Beheko Kanalean arazorik edo etenaldirik izango balitz, hornidurako ur-emariak presatik Urumea ibaira isuriko dira eta 15,7 kilometro beherago egongo den ponpaketa estazioak xurgatuko ditu, ondoren Petritegiko tratamendu estaziora bultzatzeko.
Alternatiba hau eraikita dagoenean, Añarberen eremuko biztanleen ur-hornidura bermatua egongo da egungo Kanalak haustura edo etenaldirik sufritu ezkero, eta posible izango da Kanala pixkanaka birgaitzea eta modernizatzea, azpiegitura honek dituen ezegonkortasun arazoak eta emari-galerak konponduz, bitartean azpiegitura berria erabiliko delarik.