Urte hidrologiko honetan (2021eko urria-2022ko iraila), prezipitazio-maila azken berrogeita hamar urteetako batez bestekoa baino %5 handiagoa izan da: guztira 2.158 l/m2 jaso dira, hau da, urteko batez bestekoa baino ia 100 litro gehiago (2.062 l/m2).
Horri esker, urtegiko ur-erreserbak batez bestekotik oso gertu egon dira urte osoan. Abenduan, urtarrilean eta apirilean gaingoratze handiak izan ziren euriteen ondorioz (uholdeak prebenitzeko hustuketekin konpentsatuta). Gaur egun, urtegia bere edukieraren % 74,2an dago; eta garai honetako ohiko egoerara hurbiltzen ari da: %76ra.
Urte hidrologikoak prezipitazioen aldakortasuna izan du ezaugarri, azken mende erdiko hilabete lehor eta euritsuenetako batzuk txandakatuz. Hala, azaroa (478 l/m2) eta abendua (372 l/m2) izan ziren Añarbeko erregistroetako bosgarren eta laugarren hilabeterik hezeenak, eta euriteak ohi baino %90 handiagoak izan ziren. Horren ondorioz, azaroaren 24tik urtarrilaren 14ra bitartean, 46 milioi m3 (hau da, urtegi bat eta laurden) hustu ziren modu kontrolatu eta prebentiboan, eta presaren egoerari buruzko hemeretzi ohar igorri ziren.
Hala ere, egoera hori konpentsatu egin da maiatzetik izan diren euri urriekin, eta neurri handi batean neguan metatutako uraren superabita ezabatu da, normaltzat jo daitekeen egungo egoerara iritsi arte.
Hala, 2022ko lehen lauhilekoan ohiko euriteak izan ondoren, maiatzetik uztailera bitarteko aurrera prezipitazioak urriagoak izan ziren: maiatza izan zen Añarben ezagutzen direnen artean lehorrena (23 l/m2 eta % 87 gutxiago) eta uztailean 20 l/m2 baino ez ziren erregistratu (hirugarren lehorrena, % 82ko defizitarekin). Abuztuaren erdialdeko prezipitazio handiek (123 l/m2 abuztuaren 17tik 18ra bitartean) eta iraileko azken egunetakoek (127 l/m2 azken astean) aurreko hilabeteetako euri eskasiari aurre egin diote partzialki.
Azken finean, ur-hornidura bermatuta dago oraindik ere, Añarbeko arroa Penintsulako euritsuenetakoa izaten jarraitzen duelako eta ur-eskariaren beheranzko joerari esker: 2022ko lehen zortzi hilabeteetan Añarbek %1 murriztu du (160.000 m³ inguru) udalei emandako ura. Hornidura-sareak hobetzeko inbertsioek eragindako beheranzko joera horri eutsi egiten zaio 1995etik (orduan lortu zen hornitutako bolumen handiena 41.488.825 m³-koa izan zen), nahiz eta 2013az geroztik argi eta garbi egonkortu den eskaria 24 milioi m3 inguruan.
Prezipitazioak Añarbeko presan (l/m2)
Urtea | Hilabetea | Aurten | Batez beste | Diferentzia |
2021 |
Urria | 98 | 178 | -45% |
Azaroa | 478 | 253 | +89% | |
Abendua | 372 | 196 | +90% | |
2022 |
Urtarrila | 246 | 227 | +8% |
Otsaila | 78 | 187 | -58% | |
Martxoa | 203 | 186 | +9% | |
Apirila | 249 | 189 | +32% | |
Maiatza | 23 | 172 | -87% | |
Ekaina | 79 | 113 | -30% | |
Uztaila | 20 | 113 | -82% | |
Abuztua | 163 | 125 | +30% | |
Iraila | 149 | 125 | +19% | |
GUZTIRA | 2.158 | 2.064 | +5% |