Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

ACUAESek Añarbeko Behe-Kanalaren ur-eroanbide alternatiboaren obrak lizitatu ditu

ACUAESek Añarbeko Behe-Kanalaren ur-eroanbide alternatiboaren obrak lizitatu ditu

2023ko otsailean esleitzea aurreikusten da, lanak datorren urteko lehen seihilekoan hasi ahal izateko

Inbertsioaren aurrekontua 33,2 milioi eurokoa da eta honela finantzatuko da: %80 Europar Batasuneko Next Generation funtsaren bidez, eta %20 Añarbeko Urak jarriko du

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Aguas de las Cuencas de España (ACUAES) Estatuko merkataritza-sozietateak 33.269.399 euroko aurrekontuarekin lizitatu du Beheko Kanalaren ur-eroanbide alternatiboaren proiektua abian jarri eta obrak gauzatzeko kontratua, Añarbeko Uren Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako 318.000 biztanleei hornidura bermatzeko.

Obrak egiteko epea 30 hilabetekoa da, eta 2023ko otsailean esleituko dira, lanak datorren urteko lehen seihilekoan hasi ahal izateko.

Aurreikuspenen arabera, jardueraren % 80 Next Generation EU funtsekin batera finantzatuko da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta beste %20 Añarbek ordainduko du, joan den abuztuaren 25ean ACUAESek eta Añarbek obrak gauzatzeko eta ustiatzeko sinatutako hitzarmenaren arabera.

Jaione Hervás Añarbeko Uren Mankomunitateko presidenteak eskerrak eman dizkio ACUAESi, egungo lizitazioa egin arte “tramitazioa oso azkar eta modu eraginkorrean egin delako”, eta gogorarazi du “interes estrategikoko jarduketa bat dela, Gipuzkoako herritarren ia erdiei ur-horniketa bezalako oinarrizko zerbitzu bat ziurtatzeko”.

Beheko-kanalaren ur-eroanbide alternatiboaren proiektua Estatuaren interes orokorrekotzat jo zen 2010ean, eta 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu zen, talde parlamentarioek Kongresuan negoziatu ondoren.

1958. urtean zerbitzuan jarri zenetik etenaldirik gabe funtzionamenduan dago Beheko Kanala. Alternatiba honen helburua da ponpaketa estazio berri bat eraikitzea Urumea ibaian -dagoeneko erabiltzen ez den eta Lastaola izenarekin ezagutzen zen zentral hidroelektrikoaren kokapenean, Hernanin- eta Petritegiko EUTEraino iritsiko den eroanbide berri bat eraikitzea. Egungo Beheko Kanalean arazorik edo etenaldirik izango balitz, hornidurako ur-emariak presatik Urumea ibaira isuriko dira eta 15,7 kilometro beherago egongo den ponpaketa estazioak xurgatuko ditu, ondoren Petritegiko tratamendu estaziora bultzatzeko.

Alternatiba hau eraikita dagoenean, Añarberen eremuko biztanleen ur-hornidura bermatua egongo da egungo Kanalak haustura edo etenaldirik sufritu ezkero, eta posible izango da Kanala pixkanaka birgaitzea eta modernizatzea, azpiegitura honek dituen ezegonkortasun arazoak eta emari-galerak konponduz, bitartean azpiegitura berria erabiliko delarik.

Top