Lezoko Udalak eta Mankomunitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Añarbeko ur hornidura udalerri osora zabaltzeko, bi erakundeetako Udalbatzak eta Batzarrak, otsailaren 23an eta martxoaren 4an onartu ondoren, hurrenez hurren. Akordio horren arabera, Añarbeko Urak erakundeari transferituko zaizkio gaur egun Jaizkibel mendiko ura hartzen duten goi-hornidurako tokiko sistemak, udalerriko zenbait landa-eremu eta industrialde hornitzeko.
Udalerriaren %65 dagoeneko Mankomunitatearen hornidura-sarearen bidez hornitzen da; akordio horri esker, Añarbek osorik kudeatuko du Lezoko goi-hornidurako sarea (goi-saneamenduko sarearen kudeaketarekin eta hondakin-uren arazketarekin egiten duen bezala), udalerriko zenbait gunetako emari eta presio-eskasia konponduz.
Hitzarmenak, beraz, erabiltzaile guztiei ur-hornidura baldintza beretan bermatuko die, eta 3,9 milioi eurotik gorako inbertsioak egingo dira azpiegitura hidraulikoetan, bai Añarbeko ura oraindik egiteko dagoen udalerriaren %30era eramateko, bai udal-titulartasuneko banaketa-sarea hobetzeko.
Horrela, 2.000 m3-ko edukiera duen banaketa-biltegi berri bat eraikiko da Juanotenean, baita goi-sareko hodi berriak, banaketa-hodiak eta gainpresoreak ere. Gainera, Darietako biltegitik gaur egun udalerria hornitzen duen banaketa-hodi nagusia ordeztuko da, eta Gorbeia, Aizkorri eta Auñamendi kaleetako hornidura-sarea berrituko da, dauden fibrozementuzko hodi problematikoak kenduz.
Bestalde, Udalak Mankomunitateari eskualdatuko dizkio gaur egun Jaizkibel mendian dituen uren aprobetxamendurako hiru kontzesioak; udalerriko landa-eremu eta industrialde batzuetara goi-hornidura egiteko gaur egun Udalak erabiltzen dituen hartuneak eta azpiegiturak mantenduko dira (Monatxo sistemakoak), gerta litezkeen larrialdi-egoeretarako.
Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak, S.A. Mankomunitatearen kudeaketa-sozietate publikoa da, eta Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, eta Usurbilgo udalerrietako 318.646 biztanleentzako edateko uraren hornidurarako eta hondakin-uren saneamendurako eta arazteko zerbitzuak emateaz arduratzen da.
Bestalde, Lezoko Udala Mankomunitateko kide da 1968an eratu zenetik eta bere helburua edateko uraren hornidura bermatzea da, kantitate eta kalitate-baldintza onenetan.