Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Pasai San Pedroko saneamendu-obren bigarren fasea hasi da

Pasai San Pedroko saneamendu-obren bigarren fasea hasi da

  • Inbertsioa guztira 2,6 milioi eurotik gorakoa izango da: 1,47 milioi euro lehen fasean eta 1,17 milioi euro bigarrenean
  • Herrerako ponpaketa-estazioa eta San Pedroko tunela lotzen dituzten bi hodi paraleloren barrualdea birgaituko da

Añarbeko Uren Administrazio Kontseiluak Pasai San Pedron saneamendu-arteria bat birgaitzeko lanen bigarren fasearen lizitazioa onartu du, 1,17 milioi euroren truke. Herrerako Hondakin-uren ponpatze-estazioa eta San Pedroko tunela lotzen dituen 0,9 metroko diametroko hodi bikoitza berritzeko lanen jarraipena da.

Bi hodi paraleloak Herrera HUPE-Murgita kala arintze-sistemaren parte dira. Hoditeria hori 1996. urtean eraiki zen, prezipitazio handiko egoeratan, saneamendu-sareak bildu ezin duen ura itsasora —eta ez Pasaiako badiara— isurtzeko helburuarekin. 

Hodi bikoitzaren barne-birgaitzea (990 metro luze da guztira) bi fasetan egiten ari da: lehenengo fasean (2020ko urrian hasitakoa eta apirilean amaitzea aurreikusten dena), egoera txarrenean zegoen zatian lan egin da. Orain lizitatuko den bigarren fasean, 325 metro luzera duen bigarren zatia berrituko da, Esnabide kaleko 18. zenbakiaren eta San Pedroko tunela hasten den elizaren artean.

Inbertsioa guztira 2,6 milioi eurotik gorakoa izango da: 1,47 milioi euro lehen fasean eta 1,17 milioi euro bigarrenean. Obrei esker, Donostiako ekialdeari eta Oarsoaldeko lau udalerriei zerbitzua ematen dien azpiegitura garrantzitsu horren bizitza erabilgarria luzatu ahal izango da, ihesen edo matxuren ondorioz badian gerta daitezkeen isurketak ekidinez.

Zangarik gabeko teknologiari esker, ibilbide osoan indusketarik gabe egikaritu ahal izango da birgaitzea eta zenbait puntutan sarbide bertikalak baino ez dira irekiko. Berrikuntza-lanak egiteko, hodiaren barruan poliesterreko kamisetazko mahuka jarraitu bat sartuko da, “vinilester” erretxinaz bustitako beira-zuntzez indartua, 6 bar-eko presio nominalari eusten diona.

Bi hodien birgaikuntza egin beharko da, horietako bat beti erabilgarri egoteko moduan: lehenengoa amaitu eta zerbitzuan jartzen dela ziurtatu ondoren, bigarrena birgaitzen hasiko da. Mahuka ontzea, batez ere, ur beroa erabiliz egingo da. Hala, mahuka hodira zehaztasun handiagoz egokitu ahalko da. Ontze-sistema horrek lan batzuk gaueko ordutegian egitea eskatzen du, tenperaturak eta eguzki-argiak hodian itsasten diren erretxinetan eragiten dutelako.

Mahuka sartzeko lanak egin aurretik, erregistroko putzuak handitu, egungo hodia presio handiko ura erabiliz garbitu eta gaur egun dauden barrualdeko junturak erretiratu behar dira. Aurrerago, telebista-zirkuitu itxiko kamera erabiliz, eroanbidea aztertu eta fresatuko dute, hodian dauden inkrustazioak edo irtenguneak ezabatzeko. Hala, eroanbidea behar bezala leunduko da, mahuka ipintzean arazorik ez edukitzeko.

Pasaiako badiako saneamendu-sistema

Herrerako HUPEak Oarsoaldeko lau udalerrietako (Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezo) eta Donostiako ekialdeko auzoetako hondakin-urak biltzen ditu. Eguraldi lehorreko edo euri gutxi edo ertaineko garaietan, ur horiek guztiak, Herrerako hodi biltzailearen bitartez, Loiolako HUAra bideratzen dituzte bertan tratatzeko.

Hala ere, euri asko egiten duenean, saneamendu-sareak (kasu gehienetan unitarioa izaten jarraitzen du, hau da, hondakin- zein euri-urak biltzen ditu) ezin du emari osoa jaso, eta jaso ezin duen ur hori itsasora hustu behar da (solidoen erretentzioko oinarrizko tratamendua egin ondoren), Herrerako HUPEa eta San Pedroko urpeko hustubidea lotzen dituen ura ateratzeko eroanbide bikoitzaren bitartez. Bi eroanbide horiek ponpatze-estaziotik abiatzen dira eta Pasaiako badia inguratzen dute San Pedroko elizaren atzealdera iritsi arte. Puntu horretatik aurrera, itsasora heltzen diren eta jarraian jarrita dauden bi tuneletik doaz urak, aipaturiko hustubidearen bidez.

Top