Donostiako Sagueseko hondakin-urak ponpatzeko estazioan erakusketa bat egingo da urriaren 10etik azaroaren 13ra, TAC! hiri-arkitekturako jaialdiaren aldi baterako pabiloiaren proiektu finalistak ikusi ahal izango direlarik. Jendaurreko ordutegia asteazkenetik larunbatera izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da.
Mugak/ arkitektura bienalaren jardueren barruan, Donostia TAC! Hiri Arkitekturaren jaialdiaren bigarren edizioaren bi egoitzetako bat izango da (Valentzia hiriarekin batera), Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak eta Arquia Fundazioak sustatua. Jaialdi honen helburua da arkitekturak egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan hiri-inguruneak aurre egin beharreko erronketan duen zereginari buruzko hausnarketa egitea.
TAC! jaialdiaren jarduerak Sagueseko zabalgunean jarri den "Lost Forest" izeneko pabiloian egingo dira. Pabiloi horren diseinua 45 urte arteko arkitekturako profesionalei zuzendutako ideien deialdi-lehiaketa baten bidez aukeratu da. Julia Ruiz-Cabello eta Santiago del Águila-ren proposamen honek Sagueseko hiri-ingurunera eramango du baso-suteen errealitatea, erretako zuhaitz-enborrez osatutako egitura baten bidez. Ponpaketa-estazioaren hurbiltasuna eta ezaugarriak egokiak izan dira proiektu finalistak informazio-panelen bidez erakusketa batean jasotzeko.
Espazioa eta erabilera
Erakusketagune berri hau hondakin-uren ponpaketa estazioa da eta egun Donostiako auzo ezberdinei zerbitzu ematen die. Hiri batek bere hondakin-urak ebakuatu eta garraiatzeko behar dituen instalazio garrantzitsuen -eta ezezagunen- adibide on bat da Donostiako Sagues HUP (Hondakin-uren ponpalekua). Nahiz eta saneamendu-sarea gehienetan grabitatez funtzionatu, ponpalekuak tartekatu behar dira, kolektoreek sakontasun handian ez eraikitzearren eta urak araztegiraino bultzatuak izan daitezen.
Sagues HUPak Donostiako ekialdeko isuriak jasotzen ditu (Gros, Egia, Ategorrieta eta Intxaurrondo zati bat) eta garai lehorrean emari guztiak Loiolako araztegira ponpatzen ditu. Garai euritsuan, berriz, gehiegizko euri-urak Monpaseko urpeko isurbidera ponpatzen ditu tunel baten bidez. Ponpalekuak lau ponpa ditu, 90 kW eta 500 l/s kapazitatekoak.