Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

4 milioi baino gehiago hornidura-sarea Hernaniko hirigunetik urrun dauden eremuetara zabaltzeko

4 milioi baino gehiago hornidura-sarea Hernaniko hirigunetik urrun dauden eremuetara zabaltzeko

Ereñotzu, Martindegi edo Añuako biztanleek udalerriko gainerako bizilagunen ezaugarri bereko edateko ura kontsumituko dute.

8.145 metroko luzerako sare berri bat eraikiko da, baita biltegi berri bat ere Juanantonenean; udal-sareko zuntz-zementuzko hodi zaharrak ere ordeztuko dira.

Añarbeko Uren Administrazio Kontseiluak bere hornidura-sarea Hernaniko herrigunetik urrun dauden guneetara zabaltzeko proiektua eta obren lizitazioa onartu ditu; gune hauek Aparraingo eta Aitzpitarteko hartuneetatik ura jasotzen baitute oraindik.

Lanak amaitu ondoren, Ereñotzu, Martindegi eta Añua biztanleek udalerriko gainerako bizilagunen ezaugarri berberak dituen edateko ura kontsumituko dute. Hau da, Añarbeko urtegitik datorren ura jasoko dute, Astigarragako Petritegiko estazioan berme handienekin tratatua.

Añarbeko azpiegiturak eremu berrietara zabaltzeak Orkolagako egungo biltegia eraberritzea ekarriko du, bai eta 1.189 metroko hodi bat eraikitzea ere, Juanantonenea gainean kokatutako 250 m³ -ko biltegi berri batekin lotuko duena. Puntu horretatik hiru banaketa-hodi berri aterako dira, udal titulartasunekoak, eta Ereñotzu, Martindegi eta Añua hornituko dituztenak. Guztira, hornidura-sare berriak 8.145 metro hodi izango ditu, baita aipatutako edateko ura banatzeko depositua ere.

Epele eta Fagollaga auzoen artean obren trazadura udal sarearen egoera txarrean dauden zuntz-zementuzko hodi zaharren trazadurarekin bat datorrela aprobetxatuz, 762 metroko luzera duen tarte baten ordez kanalizazio berriak egingo dira, egungo hornidura hobetuz.

Ondorioz, hobekuntza nabarmena da Hernaniko herritarrentzat, eta horretarako behar den obra ere handia da. Horren adibide da lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, 3.847.950 eurokoa. Horren kostua Añarbeko Urak-ek (2.645.056 €) eta Hernaniko Udalak (1.202.894 €) ordainduko dute. Kopuru horri beste 137.280,55 €gehitu behar zaizkio azterlan eta proiektuetarako; beste 350.000 euro inguru ere aurreikusten dira lurzorua kudeatzeko.

Obrak egin ondoren, Pagoaga inguruan dauden baserriek soilik jarraituko dute Aparrain sistematik ura jasotzen. Sistema horrek, gaur egungo osasun-araudiaren arabera, nahitaezkoak diren iragazte eta klorazio tratamenduak ditu.

Añarberen eta Udalaren arteko hitzarmena

Obra horiek posible izango dira 2021ean Añarbeko Urak-ek eta Hernaniko Udalak udalerriko hornidura sistema arrazionalizatzeko, modernizatzeko eta hobetzeko sinatutako hitzarmenari esker (2024an hitzarmenaren gehigarri bat adostu zen). Hitzarmenak udalerriko zenbait eremuk uraren kalitateari buruz eta suteen araudia betetzeari buruz gaur egun dituzten arazoei erantzuten die (hauek konpontzeko onartu dira arestian deskribatutako obrak).

Bestalde, hitzarmenak ezartzen du Añarbera transferituko direla Aparrain eta Aitzpitarteko ur-hornidura sistemetako goi-hornidurako azpiegitura guztiak; baita Karabel eta Abalozekoak ere. Azpiegitura hori guztia Añarbek jaso du dagoeneko, berak duelarik egun Hernaniko goi-horniduraren erantzukizun osoa.

Top