Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Añarbek autokontsumorako planta fotovoltaiko bat sustatuko du Petritegiko edateko uren tratamendu estazioan

Añarbek autokontsumorako planta fotovoltaiko bat sustatuko du Petritegiko edateko uren tratamendu estazioan

Ia milioi 1 euroko inbertsioa izango da, NextGenerationEU Europar Batasunaren funtsek partzialki finantzatuta, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bitartez

Eguzki-parkeak 1.218 panel izango ditu, futbol-zelai baten adinako hedadurarekin, eta edateko uren estazioan ura edangarri bihurtzeko eta banatzeko erabiltzen den energiaren herena aseko du

Añarbeko Urak-ek Petritegiko (Astigarraga) Edateko Ura Tratatzeko Estazioan (EUTE) 816 kW-eko planta fotovoltaiko bat egiteko lanen lizitazioa onartu du. Kontratuaren zenbatekoa 940.654 eurokoa da, eta NextGenerationEU Europar Batasuneko funtsek finantzatuko dute %50ean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bidez.

Eguzki-parkeak 1.218 eguzki-panel izango ditu -bakoitzak 670 watteko potentzia izango du- eta 8.000 m²-ko azalera beteko dute, futbol-zelai batek baino hedadura handixeagoa. Plakak ur-biltegiaren estalkian egongo dira, bai eta bere garaian edateko uren araztegia handitzeko erreserbatutako espazio libreetan (gaur egun baztertu egin da, ez baita beharrezkoa) eta beste berdegune batzuetan ere. Panelak hormigoi aurrefabrikatuzko euskarrietan bermatuta egongo dira, eta horrek lurrean inolako zimenduak egitea saihestuko du.

Urteko ekoizpen zenbatetsia 892 MWh-koa izango da, eta ura edangarri bihurtzeko eta banatzeko kontsumitzen den energiaren heren bat estaliko du (ozonoarekin desinfektatzea, iragazkiak garbitzea eta ponpaketa bidez gune garaietara banatzea, batez ere). Instalazio berri hori martxan jartzeak zazpi aldiz biderkatuko du Añarbeko energia fotovoltaikoko urteko ekoizpena, gaur egun 141 MWh-koa baita, zenbait biltegi eta ponpaketa-estazioen estalkietan instalatuta dauden zazpi eguzki-zentral fotovoltaiko txikiren bidez (5 eta 70 kW artekoak).

Ekoizpen-aurreikuspenak betez gero, Añarbeko Urak-ek urtean 100.000 euro aurreztu ditzake hirugarrenei energia zuzenean erosteko, eta diru hori uraren zikloaren beste inbertsio-premia batzuetara bideratu ahal izango da.

Eskaintzak aurkezteko epea urtarrilaren 9r arte dago zabalikBehin proiektua esleituta, obrak egiteko epea sei hilabetekoa izango da.

Autosufizientzia energetikoa

Sistema hidraulikoen ustiapenetik eratorritako jarduera gisa, Añarbek energia elektrikoa berriztagarria edo eraginkorra sortzeko jarduera du 1993tik, GECASA sozietatearen bitartez. Sozietate horren partaidetza dute, gaur egun, Añarbeko Urak (% 70) eta Energiaren Euskal Erakundeak (% 30). Bi zentral hidroelektriko ditu presaren inguruan, kogenerazio-zentral bat Loiolako araztegian, eta aipatutako instalazio fotovoltaikoak.

2010-2023 aldian ekoitzitako energia elektrikoa hornidura eta saneamendu-azpiegitura guztien kontsumo handia baino % 8 gehiago izan da (horien artean, nabarmentzekoak dira Loiolako hondakin-uren araztegia (Añarbe sistemako energia elektriko guztiaren % 66 kontsumitzen du), Petritegiko EUTE, presa eta edateko eta hondakin-urak ponpatzeko estazioak).

Uraren hiri-zikloari lotutako energia-instalazioek 7.500 etxebizitza baino gehiagoren eskaerari erantzuteko adina elektrizitate ekoizten dute urtero (4.000 Kwh/urte), edo, bestela esanda, Lasarte-Oriako biztanle guztiek urtebetean kontsumitutako elektrizitatea. 

     

Top