Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Donostiako udalak, Añarbek eta Cristina Enea Fundazioak sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute saneamendu-sarea buxatzen duen "esku misteriotsua" agerian uzteko

Donostiako udalak, Añarbek eta Cristina Enea Fundazioak sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dute saneamendu-sarea buxatzen duen "esku misteriotsua" agerian uzteko

Hiru erakundeek indarrak batu dituzte komunaren erabilera desegokiak dituen ondorioei buruz herritarrak sentsibilizatzeko.

Estimatzen da komunontzia gaizki erabiltzeak pertsona bakoitzeko urtean 5 euroko gainkostu ekonomikoa dakarrela saneamendu-sarearen mantentze lanetan.

"Esku misteriotsua" lelopean, Donostiako Udalak, Añarbeko Urakek eta Cristina Enea Fundazioak sentsibilizazio-kanpaina bat aurkeztu berri dute, herritarrei gogorarazteko komuna ez dela zaborrontzia bezala erabili behar.

Komunaren Munduko Egunean aurkezten dute kanpaina eta honen bidez ezagutzera eman nahi dute, besteak beste, urtero hamaika tona toallatxok Donostiako saneamendu-sarea kolapsatzen dutela. Carlos García Hernández Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, "antza denez, mundu guztiak modu egokian erabiltzen du komuna, eta inork ez du toallatxorik jaurtizen komunera, baina urtero hainbat tona toallatxo aurkitzen ditugu gure saneamendu-sarean. Horregatik, umore-tonua erabiliz, norbanakoaren hausnarketa eragin nahi dugu, pertsona bakoitza bere buruarekin zintzoa izan dadin eta komunetik egokiak ez diren elementuak botatzen dituen esku misteriotsu horietako bat ote den pentsa dezan".

Gainera, García Hernándezek azpimarratu du praktika horrek ingurumen-arazo larriak eragin ditzakeela, izan ere, toallatxoek ehuna dute oinarri eta horien erabilera biderkatu da azken urteotan. Bere egituragatik, gure etxeetan eta auzo-erkidegoetako zorroten-hodietan buxadurak sortzen ditu, bai eta azpiegitura publikoetan matxurak eta kalte handiak ere, hala nola estolderia-sareetan, ponpaketa-ekipoetan eta hondakin-uren araztegietan, "iaz bakarrik 658 tona hondakin atera ziren Donostiako sareetatik", eta horiei Añarbek bere kolektoreetan eta Loiolako araztegian bildutako 1.728 tona gehitu behar zaizkie (horietatik bi heren inguru Donostiako hiriburuari dagozkio, eta gainerakoak Mankomunitatea osatzen duten beste bederatzi udalerriei). Kalkuluen arabera, hondakin horien guztien %12 komunetik sekula bota behar ez diren elementuak dira, besteak beste, toallatxo higienikoak; azken hauek beste hondakinekin elkarlotzeko eta buxadura larriak sortzeko gaitasuna dute.

Bestalde, Martin Ibabe Añarbeko Uraken presidenteak azaldu duenez, ohitura txar horietatik eratorritako arazoa ere ekonomikoa da, "hondakin horien kudeaketak eragin ekonomiko handia du, estimatzen da pertsonako eta urteko 5 € inguruko gainkostua dagoela kolektoreen sarea mantentzeko eta Loiolako HUAn hondakin-urak tratatzeko eta arazteko". Gainera, Ibabek azpimarratu du toallatxoak arazo nabarmena direla, baina ez bakarra, "egunero hondakin ugari iristen dira Hondakin Uren Araztegira, aurretik baztertu edo behar bezala birziklatu behar zirenak: higiene pertsonaleko produktuak, koipeak eta olioak, pixoihalak, preserbatiboak, zigarrokinak, pilak, elikagaien hondarrak eta lehen begiratuan ikusten ez diren beste batzuk ere, baina hainbat ikerketek gaizki isurtzen direla ere frogatzen dutenak: sendagaiak, produktu kimikoak, bernizak eta pinturak, etab."

Añarbeko Uraken presidenteak beste behin gogorarazi du komunetik 3Pak delakoa bakarrik bota behar dela: pipia, popoa eta papera, hau da, gernua, gorozkiak eta komuneko papera. Gaineratu duenez, "hondakin-uren saneamendu eta arazketa-sistema eraginkor bat izateak ongizate eta osasun handiagoa dakarkie pertsonei, eta, aldi berean, gure ibaien eta gure kostaldeko uren kalitatea hobetzen du".

Sentsibilizazio-kanpaina

Donostiako Udalak, Añarbeko Urek eta Cristina Enea Fundazioak komunaren erabilera egokia sustatzeko hainbat ekintza burutuko dituzte aste osoan zehar. Horrela, kanpainaren irudiarekin markesinak ezarriko dira Donostian eta animaziozko pieza bat zabalduko da Dbusen, Iparraldeko tren geltokiko pantailetan eta Groseko tren geralekuan. Kanpaina ere zabalduko da hainbat komunikabide eta sare sozialen bidez. Azkenik, udal kultur ekipamendu ugaritan orri-markatzaile bat jaso ahal izango da, komunetik bota behar ez diren hondakinak zeintzuk diren gogorarazteko.

Top