Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

Añarbek DIGURBE proiektua aurkeztu du ura digitalizatzeko PERTEri, 9,2 milioi euroko aurreikusitako inbertsioarekin

Añarbek DIGURBE proiektua aurkeztu du ura digitalizatzeko PERTEri, 9,2 milioi euroko aurreikusitako inbertsioarekin

Batez ere hornidura-sareetako galerak murrizteko eta ingurumen-helburuak betetzeko 52 jarduera ditu

Añarbeko Urak eta Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Astigarraga, Urnieta, Usurbil eta Lezoko udalerriek bat egin dute eskatzaile talde bat eratuz, uraren zikloa digitalizatzeko PERTEren (Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak) lehen deialdira proiektu bat elkarrekin aurkezteko. Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren deialdi honek 200 milioi euroko aurrekontua du eta laguntzak norgehiagoka-erregimenean banatuko dira.

Mankomunitateak eta bederatzi udalerriek DIGURBE (Donostialdeko uraren zikloaren digitalizazioa) izeneko proiektua aurkeztu dute, 9,2 milioiko aurrekontuarekin. Proiektu horren finantzaketak, hautatua izanez gero, Europako funtsen dirulaguntza handia izango luke (% 74), eta gainerakoa Añarbeko eta udaletako baliabideen bidez gauzatuko da (% 26).

Uraren erabilerak digitalizatzeko PERTEk informazioaren teknologia berriak erabiltzea bultzatzen du uraren ziklo integralean. Horri esker, uraren kudeaketa hobetu, eraginkortasuna handitu, gardentasuna areagotu, hornidura-sareetako galerak murriztu eta plangintza hidrologikoak eta nazioarteko arauek ezarritako ingurumen-helburuak betetzen aurrera egin ahal izango da.

Proiektuan, guztira, 52 jarduera sartzen dira (bai Añarbeko eskumeneko lehen mailako sareetan, bai Udalaren bigarren mailako sareetan), uraren ziklo osoa hartzen dutenak: edateko uraren bilketa, tratamendua, biltegiratzea eta banaketa; hondakin-uren saneamendua eta arazketa, eta, azkenik, ingurune naturalera itzultzea.

Jarduketek hornitutako uraren ezagutza hobetuko dute emariak, presioak eta beste aldagai fisiko batzuk etengabe monitorizatuz, bai eta kalitate neurriak ere, bai izaera fisikokimikokoak bai mikrobiologikokoak. Energia-kontsumoa optimizatzera eta zibersegurtasuna hobetzera bideratutako proiektuak ere gauzatuko dira. Eraldaketa digitalaren prozesua teknologia berritzaileetan oinarrituko da, hala nola biki digitalen erabilera, adimen artifizialeko tekniken aplikazioa, Big Data, gauzen Internet, etab.

Añarbeko Uren lehendakaria, Jaione Hervás, oso pozik agertu da “Añarbeko eta udaletako talde teknikoek egindako ahaleginarekin”, eta horri esker “digitalizazioaren arloko beharrak diagnostikatzea” lortu da. Era berean, nabarmendu duenez, “aukera bikaina da uraren ziklo integralaren kudeaketa adimentsuagoa lortzeko. Digitalizazioari esker, ur-hartuneei, uraren erabilerei, hondakin-uren isurketei eta prezipitazio-gertaeretako sistemen kudeaketari buruzko informazio gehiago izango dugu denbora errealean”.

Top