Aguas del Añarbe - Añarbeko Urak, S.A.

ACUAESek eta Añarbek Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen obrak bisitatu dituzte

ACUAESek eta Añarbek Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen obrak bisitatu dituzte

Amaitu dira Urumea ibaian ura hartzeko eta Lastaolako etorkizuneko ponpaketa-estaziora eramateko lanak

Dagoeneko hasi dira Petritegiko EUTErainoko ia 5.000 metroko hodiak instalatzen, eta datozen hilabeteetan Astigarragako hiriguneko eroanbide-zatirik konplexuenak egingo dira. Obrak 2025. urtearen amaierarako bukatzea aurreikusten da.

ACUAESeko Administrazio Kontseiluak, Rosa Cobo lehendakaria buru duela, Guillermo Echenique Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordearekin eta José Ángel Ercilla Añarbeko Uren zuzendari kudeatzailearekin batera, Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen obrak bisitatu ditu gaur arratsaldean.

Obrak hasi zirenetik, 2023ko apirilean, Urumea ibaian ura hartzeko lanak eta Lastaolako ponpaketa-estaziorainoko eroanbideak egin dira, eta Urumea ibaiaren ezkerraldean eraikiko den ponpaketa-estazioa babestuko duen pantaila-hormaren lanak ere hasi dira.

Duela gutxi, Petritegiko EUTEra (Edateko uren tratamendu estaziora) arte egingo diren ia 5.000 metroko hodiak jartzeko bi zati hasi dira. Burdinurtu harikorreko hodi ia guztiek 1.100 mm-ko diametroa dute. Datozen hilabeteetan, Astigarragako hiriguneko eroanbide-zatirik konplexuenak instalatuko dira. Aurreikusitako epeen arabera, obrak 2025. urtearen amaierarako bukatuta egongo dira.

Jarduerak, oro har, 30 milioi euroko aurrekontu estimatua du (BEZik gabe), eta horietatik ACUAESek (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren estatuko merkataritza-sozietatea) % 80 finantzatzen du (24 milioi euro Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez); Añarbek, berriz, gainerako % 20a ordaindu behar du (6 milioi euro; horretarako, 3,45 milioiko laguntza jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren eskutik).

Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen proiektua

Behe Kanalaren ordezko eroanbidearen proiektua Estatuaren interes orokorrekotzat jo zen 2010ean, eta 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu zen, legebiltzar taldeek Kongresuan behar bezala negoziatu ondoren.

Gaur egungo Behe Kanala etenik gabe ari da funtzionatzen 1958an martxan jarri zenetik. Horren ordez, proposatzen da ponpaketa estazio bat eraikitzea Urumea ibaian –Hernanin dagoen eta gaur egun erabiltzen ez den Lastaola izeneko zentral hidroelektriko zaharra kokatuta dagoen lekuan–, eta bulkadako eroanbide bat eraikitzea Petritegiko Edateko Uren Araztegiraino.

Oraingo Behe Kanalak huts egiten badu edo eteten bada, hornidurarako emariak Añarbeko presan askatuko dira Urumea ibaira, 15,7 km beherago xurgatzeko eta 5,8 km-ko luzera duten eroanbide-tarte desberdinen bidez Petritegiko edateko uren araztegiraino eramateko, Lastaolako ponpatze-estazio berrian barrena.

Proiektuak 1896an eraikitako Lastaolako zentral hidroelektriko zaharraren azpiegitura gehienak aprobetxatzea aurreikusten du (hargune obra, ubidea, tunela eta zentralaren eraikina bera). Azpiegitura horiek, behar bezala birgaitu edo berregin ondoren, Añarbeko sistemaren hornidura sarean sartuko dira.

Presara isuritako ura Urumean xurgatuko da hargune obra berrituaren bidez. Obra horrek bi metro zabaleko bi ubide izango ditu, 40 cm-ko zabalerako eta hiru metroko altuerako hormigoizko horma batek bereizita. Kanal zaharrak (Urumea ibaiarekiko paraleloan doana) beira-zuntzez indartutako poliesterrezko hodi bikoitza izango du orain, 466 metro luze eta 1.200 mm-ko diametrokoa, estali eta lurperatu egingo dena. 410 metro luze den tunela erabat birgaitu eta indartuko da, zentral hidroelektriko zaharra ordeztuko duen ponpatze-estazio berriarekin lotu arte.

Ponpatze-estazioa Lastaola eta Ibarluze industrialdeak lotzen dituen zubiaren ondoan dago, eta, berritu ondoren, 32,00 x 12,80 x 8,30 metroko neurriak izango ditu, bai eta 700 kW-ko lau ponpa ere (bosgarren bat jartzeko aukerarekin). Bakoitzak 450 l/s-ko goratze ahalmena izango du. Estaziotik ponpatutako urak Urumearen gaineko zubia zeharkatuko du eta Petritegiko Edateko Uren Araztegiraino eramango da burdinurtu harikorreko bultzada-hodi berri baten bidez. Hodi horrek 4.920 metroko luzera eta 1.100 mm-ko diametroa izango du. Hodiaren zatirik handiena zangak eginez eraikiko da, 78 metroko zati txiki bat izan ezik. Zati hori lurpeko zulaketaren bidez instalatuko da, GI-2132 Astigarraga-Oiartzun errepidea gurutzatzeko, trafikoari inola ere eragin gabe.

Obrak amaitu ondoren, Añarbeko ur hornidura egungo Behe Kanalaren hausturetatik eta etenaldietatik salbu egongo da, eta, aldi berean, kanalaren geldialdi programatuak egitea ahalbidetuko du, pixkanaka birgaitzen eta modernizatzen hasteko, azpiegiturak urteen poderioz dituen ezegonkortasun-arazoak eta emari-galerak konponduz eta bien bitartean azpiegitura berria erabiliz.

Top