- Trihalometanoak konposatu kimikoak dira eta ura edangarri egiteko prozesuan sor daitezke. Horien maila maximoak 140/2003 ED-an daude finkatuak eta horien arabera finkatzen dira giza-kontsumorako uraren kalitatearen irizpide sanitarioak. Gaur egun, legeak dio, konposatu horren maila gehienez 100 mikrogramo litro bakoitzeko (µg/l) izango dela.
- Trihalometanoak sortzen dira urak garraiatzen duen materia organikoa kloroarekin kontaktuan jartzen denean, tratamendu-estazioetan erabiltzen den kloroarekin alegia. Urak duen trihalometano kantitatea eta proportzioa faktore hauen menpe dago: urari gehitzen zaion kloroa, ur gordinak jatorrian duen materia organikoaren kantitatea, uraren bromuro kontzentrazioa, pH-a, tenperatura eta kontaktuak irauten duen denbora (horregatik dira altuagoak balioak banaketa-sarean tratamendu-estazioetako irteeretan baino).
- Añarbeko Urak-en kasuan, uraren tratamenduan kloroaren ordez ozonoa erabiltzeagatik, urtegiko urak materia organiko gutxi izateagatik eta horren ondorioz duen kalitate altuagatik (urtegira isurtzen duen arroak duen gizaki-, nekazal- eta abeltzaintza-jarduera eskasagatik), edateko uraren trihalometanoen edukia oso txikia da (bai tratamendu estazioan bai kontsumitzailearen iturrian).
- 2019 urtean Añarbeko Urak-ek 11 analisi egin ditu Petritegiko Edateko Uraren Tratamendu Estazioaren irteeran (Astigarragan), eta batez besteko emaitza 3,25 mikrogramo litro baino gutxiago izan da, alegia parametro honen kuantifikazio analitikoak duen mugatik behera. Halaber, Añarbe sistemako banaketa-sarean 103 analisi egin dira eta batez besteko emaitza 6,41 mikrogramo litroko izan da, legeak finkatutako muga baino hamabost aldiz txikiagoa. Emaitza horiek azterlanean ageri diren datu batzuen azpitik daude (Europan 11,7 µg/l edo Espainian 27,35 µg/l). Beraz, kasu guztietan, parametroak zabalki betetzen du indarrean dagoen araudian xedatzen dena.
- Añarbeko Urak-ek esan dezake bere hornidura-saretik irteten den urak osasun- eta kalitate-baldintza hoberenak dituela eta egunero kontrolatzen dela. Hortaz, kontsumitzaileek erabat lasai egon dezakete.