Martutenen uholdeen aurkako defentsa-lanen bigarren fasea zela eta, Uraren Euskal Agentziak, Donostiako Udalak eta Añarbeko Urak erakundeak hitzarmen bat sinatu zuten 2019ko ekainean, inguru horretako saneamendu-sarea hobetzeko.
Ibaia bideratzeko lanak amaitu eta kolektore, putzu, ekaitz tanke eta ponpaketa estazioen sistema berriaren proba hidraulikoak egin ondoren, dagoeneko martxan jarri da lur azpiko sare berria Martuteneko eta 27. poligonoaren zubien artean.
Hondakin urak biltzeko sistemaren bihotza Lugañeneko HUP (hondakin urak ponpatzeko estazioa) berrian dago, Urumea ibaiaren ezkerraldean. Estazio honek arazoak sortzen zituzten hiru instalazio zahar ordezkatu ditu (Apostolado, 27. poligonoa eta Sarroeta HUP-ak), eta laster desegin eta ezabatuko dira.
Estazio berriak behar den ekipamendua du Jabari Publiko Hidraulikoko gainezkatzeei buruzko araudi-eskakizun berri eta gero eta handiagoei erantzuteko, eta energia asko aurrezteko aukera emango du, hiru ponpaketa-estazio izatetik bat izatera igaroko baita.
Kolektore-sarea berritzeak eta berrantolatzeak eta ekaitz-tanga berri bat eraikitzeak (udal ur-zerbitzuak ustiatuko du) prezipitazio handien gertaerak hobeto kudeatzea ahalbidetuko du.
Saneamendu-proiektuak 5.371.667 euroko aurrekontua izan du, eta Uraren Euskal Agentziak (2.993.599 €), Donostiako Udalak (1.501.953 €) eta Añarbeko Urak-ek (876.114 €) finantzatu dute.